Euskarazko Komunikazio Taldea, S.A.
Martin Ugalde Kultur Parkea z/g
20140 Andoain tel:943 30 40 30
faxa: 943 59 01 72
  Sarrera
EKTren sorrera eta kapitala
Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, ezinbestekotzat jo zen ahalik eta azkarrena euskarazko egunkari nazional bat argitaratzeari ekitea. Horrek eragin zuen Euskarazko Komunikazio Taldea SA sortzea.

Euskarazko Komunikazio Taldea SAk helburu zabalagoa du, eta euskarazko komunikabideak sortu eta sustatzea da haren xedea.

Hasierako kapitala
Euskarazko Komunikazio Taldea SA (EKT) 2003ko apirilaren 29an sortu zen. 151 lagun dira EKT enpresaren sortzaileak, guztiak 2003ko otsailaren 20an Egunkaria itxi ondoren langabezian geratutakoak. 60.350 €ko kapitalarekin sortu zen enpresa.

Kapital gehitzea
Enpresa osatzeko lehen urratsa langileek jarritako 60.350 €ekin egin zen. Behin enpresa abiatuta, akziodunen batzar unibertsala egin zen, 2003ko apirilaren 29an, notario baten aurrean, egunkari berriaren prozesua abiatzeko behar zen diru bilketari ekitearren. Akziodunen batzarrean erabaki zen akzioak jaulkitzea 7.000.000 €ko gehienezko kapitalarekin. Banako eta gizarte eragileentzat 300 eta 50 €ko akzioak jaulki ziren, 5.000.000 € arteko gehieneko mugarekin, eta 2.000.000 €ko kapitala botorik gabeko1.000 €ko akzioetan jaulki ziren, erakunde publikoentzat.

'Berria berri' kanpaina
2003ko maiatzaren 6an, kapitala biltzeko kanpaina publikoa jarri zen abian, Berria berri lelopean. Herriz herri antolatutako batzordeen bidez, Euskal Herri osoan egin zen kanpaina. Gizarte eragile, erakunde publiko eta banakakoek egindako ekarriari esker, kanpaina arrakastatsua izan zen.

Kapitalaren osaera
4.595.900 €
Ezarritako helburuaren %92
24.404 akziodun

Fundazioa
Lehenengo ekarpena egin eta hasierako akzioak erositakoan, Euskarazko
Komunikazio Taldea SA sortu zuten 151 lagunek akzio horiek guztiak euskara, euskal kultura eta euskarazko komunikazioa sustatuko dituen Fundazio baten esku uzteko asmoa adierazi zuten. Lehen akzioak hartu zituztenak EKTko enpresetan langile direnak izanik, enpresaren jabetza langileen esku ez izateko asmoa adierazteko hartu zuten orduan erabakia. Gaur egun, lehen akzio haiek ez dira kapital osoaren %2 izatera ere iristen, eta enpresaren jabegoa ez dago langile horien esku.

Fundazioa sortzeko egin beharrekoez, nola osatu behar den, zein bideri jarraitu... aztertzen ari da, biderik egokiena zein den erabakitzeko.

Aurkezpena l Sarrera l EKT l Produktuak l Akziodunen txokoa